XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Argi zegon zein den, ezta?

Beno ba, ea kontuan izaten dunan hire idolo xaharraren esana.

Aurreko aldian nola aipatu ninan Danieli egitea pentsatzen nuen martingala?

Ba, egin nionan azkenean nerea.

Ez ninan ordea, orduan esaten ninan bezain zakar jokatu.

Beste modu batera jokatzea erabaki ninan.

Ezin ninan ahaztu negarrez aldegin zueneko egun hura, eta azkenean ez ninan barrenik izandu, aurrekoan esaten ninan bezala, joan da, zapla, mahai gainean bi hankak zabalduta larru eske jartzeko.

Esan, gauza asko esaten dinagu, baina, egitea beste gauza dela, zera.

Gutxi gorabehera, edozein emakume sikologo batengana joaten izanen den moduan joatea erabaki ninan.

Sartu ordu, geren diosalak eginda, hasi gintunan hizketan, eta azkenerako nerera bilduaz, zera esan nionan erdi negarrean, berataz txoratuta nengoela, beti beratan pentsatzen egoten nintzela, ez nuela lorik ere egiten eta ezin nuela etsi berarekin amodioa egin gabe, eta ez zitzaidala inporta hantxe bertan eginda ere, besterik ez bazen atea giltzatuta alfonbra gainean egin genezakela, eta ez bazuen nahi, handik atera bezain pronto nere burua putzura botako nuela, eta... auskalo zer gehiago esan nizkion, neska.

Baina, alu hark, bai ederki nabaritu ere nere negar dunduriak zinezkoak ez zirela, bai ederki nabaritu ere zer martingala nerabilkin!

Hura hunan erretolika, hura, bota zidana!

Noskixeago ere, lotsa beharko omen niken ibiltzen naizen bezala ibiltzeko, urdanga baten moduan, bidean harrapatzen ditudan buztanbero guziei gorputza eskainiz!

Noskixeago ere, ez omen zeuzkanan ahaztuak bisitara etortzen zitzaidanean hartzen nituen jarrera lotsagarri haiek!